Mendigorriako kale bati izena emanez, Martin Salvador topatu dugu. Eskura dagoen informazioa eskasa denez, ez dakigu zehazki nor izan zen gizon hau, ez eta bere bizitzako gorabeherak zeintzuk izan ziren ere; badakigu, ordea, haren izena herrian karitateari bideratutako fundazio bati lotuta dagoela. Ekimen mota horiek, ongintza partikularraren barruan kokatzen dira. Horren bidez, pertsona batek, testamentuaren bitartez, bere ondarearen zati bat obra pia edo fundazio bat sortzera bidera zezakeen. Haren ondasun eta errentak helburu zehatz bati lotuta geratzen ziren eta horri esker, fundatzailea hil eta gero laguntzak denboran zehar mantendu al ziren.
1937. urtea baino lehenagoko informaziorik aurkitu ez badugu ere, badakigu 1932ko abuztuaren 7an, Madrilgo Aldizkari Ofizialean (Gaceta de Madrid) 220. zenbakian, hitzez hitz, “Fundación para Doncellas de Mendigorria”, creada por “D. Martín Salvador” aipatzen dela. Fundazio horrek 72.500 pezetako kapitala zuen, zor publikoko tituluetan. Mendigorriako artxiboko dokumentuei esker, egiaztatu ahal izan dugu fundazio horren helburua baldintza jakin batzuk betetzen zituzten emakume gazteei ezkontzeko ezkonsaria ematea erraztea zela. Beraz, laguntza ekonomiko bat zen, herriko “neska behartsuei” (Doncellas pobres de la villa) zuzendutakoa. Kontserbatutako dokumentazioari esker, erakunde horrek urteetan zehar izan duen jarraipena egiazta dezakegu. Izan ere, 1991. urtera arteko dokumentazioa gordetzen den arren; ez dago jasota erakundea herrian noiz desagertu zen.
Ondoren aztertuko dugun espedientea, 1939ko abuztuaren 8koa, Felicitas emakumeari dagokio. Gordetzen den dokumentazioa, hainbat orriz osatuta dago, eta horietan egiazta daiteke Felicitas-ek laguntza hori eskuratzeko behar diren baldintzak betetzen dituela:
Lehenik eta behin, Martín Salvador jaunaren Fundazioaren Patronatu Batzordeari zuzendutako haren eskaera aurkitzen dugu. Horrez gain, espedienteak, honako dokumentu hauek jasotzen ditu: haren bataio-ziurtagiria, Julián María Espinal y Olcoz jaunak, Mendigorriako parrokoak, emana; bizilekuari eta egoera zibilari buruzko ziurtagiria, José María Hernández Villanueva jaunak, udal-epaile eta Erregistro Zibileko arduradunak, emana; eta erroldari, aurrekariei eta jokabide onari buruzko dokumentazioa, funtzionario berak izapidetua. Era berean, Iruñeko San Nikolas parrokiako apaiza den Salvador Garisoain Segura jaunak emandako ezkontza-ziurtagiria gordetzen da, Iruñeko Udaleko idazkariaren agiri batekin batera, Felicitas jokabide ona eta bizilekua egiaztatzen dituena.
Egiaztatzen den beste alderdi bat bere egoera ekonomikoa da. Horretarako, amilaramendu Erregistro Katastralaren aurrekariak gehitu dira, Felicitasek ondasun propiorik ez zuela egiaztatzeko eta bere familiari dagokion kapital ezargarria zehazteko, kasu honetan bere aitarena. Jesus Saralegui Inza Udaleko idazkariak ziurtatu zuen dokumentazio hori. Azkenik, espedienteak San Saturnino parrokiako ezkonduen erregistroari buruzko aipamen bat jasotzen du, ezkontzarekin lotutako agiriekin osatzen duena.
Oro har, espedienteak erakusten duen bezala, eskatzaileak fundazioak ezarritako baldintza guztiak zehatz-mehatz betetzen zituela egiaztatzen zuen, ezkontzeagatik zegokion 400 pezetako laguntza eman aurretik. Kasu honetan, laguntza hori 1939ko abenduaren 31n eman zitzaion gure Felicitasi.
Laura Sanchez
Mendigorria Artxiboak