Submitted by iab on

Abuztua iristearekin batera, Mendigorria  jaiak ospatzeko prestatzen ari da. Urtero bezala, jaietako ekitaldi esanguratsuenetakoa herriko plazan egiten den zezen-festa dugu. Ospakizun horiek hurbil daudela baliatuz, artxiboa atontzen ari garen Ereiteneko lankideon artean jakin-mina piztu da: zer-nolako erreferentzia dokumentalak aurki daitezke Mendigorriako Udal Artxiboan, herriko jaiekin eta, bereziki, zezen-festekin lotuta?

Bilaketak emaitza interesgarriak eman ditu. Izan ere, gordetako dokumentazioaren artean, 1932ko agiri batean Mendigorriako alkatearen eta urte hartako jaietarako abereak ekartzeko ardura zuen abeltzainaren arteko akordioa jasotzen eta formalizatzen da.

1931ko testuinguruari dagokionez, aipatzekoa da errepublikar gobernu berria agintaldira iritsi egin zela; gehienbat nekazariek osatuta. Udal gobernuak familia xumeen eta landako langileen bizi-baldintzak hobetzera bideratu egin zuen udalaren kudeaketa. Uda hartan, nekazal-krisiaren aurrean, udal-korporazioak herriko jaietako zezenak kentzea eta horretarako aurreikusitako dirua jornalen ordainketara bideratzea proposatu zuen. Neurriak, ordea, herriko gazteen artean aurkakotasun handia eragin zuen. Erabakiaren aurkako protesta gisa, uztailaren 25ean istilu larriak izan ziren, eta kalteak eta apurketak ere eragin ziren herriko udaletxean (https://www.mendigorria.eus/mendigorria/historia/siglo-xx/). Ondorioz, jai egitaraua bere berean mantenduko zen.

Urtebete geroago, dokumentu honetan ikus daitekeen bezala, udalak zezenak jaietara ekartzen jarraitzen du. Kontratuaren formalizazio-data 1932ko abuztuaren 5a da, eta bertan zehazten da  abuztuaren 16 eta 17rako izango direla bi zekorketa eta bi frogen antolaketa. Era berean,  akordioaren sinatzaileak identifikatzen ditu, hau da, abeltzaina eta Mendigorriako Udala. Azkenik, zerbitzua eskaintzeagatik bi aldeen artean adostutako prezioa ere jasotzen da.

Agiriak jaien nondik norakoak ere zehazten ditu. Goizean, behi-probak egiten ziren, eta arratsaldean, berriz, zekorketak; azken horietan, gutxi gorabehera, hamar abelburu aterako ziren plazara. Era berean, animaliak bolaztatuak atera behar zirela ezartzen da, hau da, adarrak bolaz babestuta, eta derrigorrez, ospakizunak ilundu aurretik amaitu behar zirela. Horrez gain, atsedenaldiak aurreikusten ziren, bertaratutakoek musikaz gozatzeko eta freskagarriak hartzeko aukera izan zezaten. Bestalde, kontratuak hainbat klausula jasotzen ditu segurtasun-neurri eta bi alde sinatzaileen arteko erantzukizunen banaketari dagokiona.

Klausula guztien artean, bereziki aipagarria da zazpigarrena. Bertan, berariaz debekatzen da «abereei plazan eta ukuiluetan makilak, pikak eta abar ematea, baita saskiaren jokoa lantzea ere». Azken horrek, gaur egun desagertuta dagoen praktika bati egiten dio erreferentzia: behiaren erasoa eragitea, zumezko saski bat erabiliz. Praktika hori espresuki debekatzeak agerian uzten du 1932an jada bazegoela abelburuen tratuari eta haiengan kalteak eragin zitzaketen jarduerei buruzko kezka. Horrela, kontratuak jaietako jarduerak arautzeaz gain, ganaduaren zaintza eta segurtasuna bermatzeko neurriak ere jasotzen ditu.

Beraz, dokumentu hau Mendigorriako jaien antolaketaren inguruko lekukotza dokumental baliotsua dela deritzogu, duela ia mende bateko herriko jai-ekitaldien berri ematen baitu. Oro har, balio historiko handiko dokumentu-iturria da, herriko jai eta tradizioen memoria zaintzen eta zabaltzen laguntzen duena.

Laura Sanchez

Artxiboak